Joan den igandean, urtarrilak 17, ehunka irundarrekin batera sagardotegi denboraldia hasi genuen. Aurtengo protagonistak Joseba Zabalo eta Patxi Aiorga trikitilariak izan ziren, astebururo gurean giro aparta jartzen dutenak.
Urtero bezala, gonbidatuak banan banan atetik sartzen hasi ziren txalaparta entzuten zen bitartean, eta jarraian omenduei aurreskua dantzatu zieten.
Bazkarian zehar Unai Agirre eta Anjel Mari Peñagarikanok bertso ugari bota zituzten, bai omenduei eta baita gonbidatuei ere: «Animo Iñaki, eta zorionak Joseba eta Patxiri!». Eta nola ez, trikitixaren eta panderoaren soinua ez ziren faltatu, jendea dantzan eta egunaz zein sagardoaz gozatzen zegoelarik.
Horrelako giroa nahi baduzue, maiatza bukaera arte denbora daukazue sagardotegiaz gozatzeko. Bertan, ohiko sagardotegi menua izango da, aurtengo sagardoa eta giro apartaz inguraturik.