Egun hauetan kimaketa lanetan aritu gara eta prozesu hau urteroko zeregina dugu gure sagarrondoak osasuntsu egon daitezen.
Baina ba al dakizu benetan kimatzea zer den?
Kimatzea sagarrondoaren adar batzuk moztean datza, arbolari forma emateko eta kalitatezko fruituak lortzeko.
Ardatz nagusia mantendu egiten da eta bigarren mailako adarrei forma ematen zaie, batzuk moztuz eta besteak okertuz. Horrela, argi gehiago lortuz, fotosintesia hobetuz eta kalitatezko fruitua sortuz.
Noiz egiten da?
Bi garai daude:
- Negukoa (lehorra): hostorik ez dagoenean, neguaren amaieran onena. Garai honetan arbola errazago sendatzen da eguzkia eta airea duelako.
- Ekaina aldera (berdea): hau aurrekoa baino arinagoa da. Airea eta argia sartu dadin, sagarrondoaren hazkundea erregulatzen da.
Nola egiten da?
Lehen urteetan ardatz nagusia da garrantzitsuena, arbolak indarra izan dezan.
Hurrengo urteetan, ardatz hori mantenduz bigarren mailako adarrak kimatzea da komenigarriena, landareari nahi dugun egitura emanez (kopa, beheranzkoa, sareari lotuta pareta bat sortuz…). Etorkizunean elkar gurutzatuko diren adarrak eta hilda edo ahul daudenak ere moztu egiten dira.
Aurrerago, sagarrondoaren adarren arteko oreka lortzea da garrantzitsuena. Garai honetan, adarrak fruitua emango duen edo ez behatu behar da. Izan ere, adarrak soilik sortzen badira etorkizunean ez du fruitu askorik emango; fruta ordea gailentzen bada, landarea nekatuta hil egingo da, energia asko beharko duelako.
Laburbilduz, kimaketa sagarrondoen eta landare askoren mantenu prozesuan oso garrantzitsua da.
Batetik, sagarrondoaren osasuna mantentzeko. Adar zaharrak, ahulak edota gaixoak moztu egiten dira, ondoren adar berri gehiago sortzeko.
Bestetik, edertasuna mantentzeko. Lore eta hosto politagoak izaten dira adaburuan eta erdiko adarrak moztu egiten dira kimaketarekin.
Azkenik, forma eta bolumena mantendu egiten da. Kimaketa prozesuarekin gustuko egitura ematen zaio arbolari, okerrak dauden adarrak, enbor ingurukoak (behekoak)… moztuz. Gainera, ekintza honekin fruitu ematea azkartu eta hobetu egiten du, sagar hobeagoak lortuz. Beharrezkoak ez diren adarrak mozterakoan zuhaitzaren izerdia alde guztietara eta beharrezkoa den tokietara iristen da, horrela lore garaian energia muskiletan eta hostoetan kontzentratzen da.
Orain kimaketari buruz zerbait gehiago dakizula, gure sagardoaren atzean dagoen lanaren zati txikitxo bat ezagutu duzu!!
Gaurkoz nahikoa da, baina aurrerago sagastiaren loraldiaren prozesuarekin jarraituko dugu!
Ez ahaztu sare sozialetan atxikitzen dugula informazioa!