Joan den urtarrilaren 21az geroztik, sagardoaren aromak eta txotx denboraldiaren alaitasunak hartu dute berriro Ola Sagardotegia. Gure 25. urteurrenean, Julian Iantzi omenduarekin eman diogu hasiera sagardotegi denboraldiari.
“Hau da Ola Sagardotegiko sagardo berria!” oihukatuz Julian Iantzi, ohiko bezero eta “etxeko laguna”, txotx denboraldi berriari hasiera eman zion eta denboraldi berriko sagardoa dastatzen lehena izateko ohorea izan zuen pasa den urtarrilaren 21ean. 200 euskal sagardo eta gastronomia zale baino gehiago bildu ziren lehen txotxaz gozatzera, txalapartak, trikitixak eta bertsolarien errimak lagun zituztela.
Euskal Sagardoa: %100 bertako sagarrekin egina
Olako sagardoaren funtsa bertakoarekiko dugun konpromisoan datza. 100.000 litroko ekoizpenarekin, Olako sagardoa sagar autoktonoekin eta ekologikoekin bakarrik egiten da. %70ean gure sagastietako sagarrez eta %30 Irun, Hondarribia eta Zarauzko beste sagastiez osatutako edabe honek, Euskal Sagardoa zigilua du. Aukeraketa honek kalitatezko produktua bermatzen du, euskal lurrean eta tradizioan errotua.
Aurten dastatuko duzuen sagardoa arina da, edateko erraza, burbuila txikiekin, usain bizi afrutatuekin eta kolore argiarekin.
Gozatu sagardotegi denboraldiaz urtarriletik maiatz amaierara
Txotx denboraldia maiatzaren amaierara arte luzatuko da Irungo Meaka auzo atseginean. Asteburuetan festa eta familia giroa izango da nagusi eta trikitixak ez dira faltako. Gainera, urtero bezala, ohiko kantu eta bertso afariak izango ditugu datozen hilabeteetan.
Egin dezagun topa euskal sagardoaren tradizioaren, adiskidetasunaren eta zapore nahastezinaren alde!